Skip to main content

Hizlariak

Hizlariak

Gizarte Zientzietan doktorea eta garapen sozioekonomikoko, berdintasuneko eta gizarte digitaleko politika publikoetan aditua

Mª Ángeles Sallé

Gizarte Zientzietan doktorea eta garapen sozioekonomikoko, berdintasuneko eta gizarte digitaleko politika publikoetan aditua.

Gizarte Zientzietan doktorea Valentziako Unibertsitatean (Espainia), Sektore Publikoko eta Pribatuko Genero Berdintasunari buruzko masterra Castellóko Jaume I.a Unibertsitatean (Espainia) eta Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatua Madrilgo Complutense Unibertsitatean (Espainia). ENRED Consultoría (1995) eta ENRED Panamá SA filialaren sortzailea (2012).
Nazioarteko aholkulari gisa jardun du, besteak beste, Nazio Batuentzat, Garapenerako Banku Interamerikarrarentzat, Europako Gizarte Funtsarentzat, Iberoamerikako Idazkaritza Nagusiarentzat (SEGIB), Fundación Indígena FSC fundazioarentzat, Ciudad del Saber fundazioarentzat eta Erdialdeko Amerikako Integrazio Sistemarentzat (SICA).
Espainiako Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizartearen Behatoki Nazionalaren (ONTSI) lehen emakume zuzendaria izan da, Gizarte Gaietako ministroaren aholkularia, Europako Gizarte Funtsaren NOW Batasuneko ekimenaren koordinatzaile nazionala eta Espainiako Etengabeko Prestakuntzarako Fundazioaren sustapeneko eta laguntza teknikoko zuzendaria.
35 urte baino gehiagoko esperientzia du garapen sozioekonomikoko eta emakumeen ahalduntzeko politiken eta ekimenen ikerketan, irakaskuntzan, kudeaketa integralean eta ebaluazioan; hain zuzen ere, toki-garapenaren, enpleguaren, ekintzailetzaren, inklusio eta eraldaketa digitalaren, kultura-aniztasunaren eta migrazioen arloetan.
Bere espezialitateetako hogeita hamar argitalpen baino gehiagoren egilea, egilekidea eta edizio-koordinatzailea izan da, baita literatura-lanetan ere. El País egunkariko ohiko zutabegilea, Cibercotizante elkartearen Aholku Batzordeko eta Ellas en Ellis taldeko kidea.

Genero Sektoreko taldearen arduraduna, Europako Batzordearen Ikerketa eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiko Demokrazia eta Balio Europarren Unitatean

Anne Pépin

Genero Sektoreko taldearen arduraduna, Europako Batzordearen Ikerketa eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiko Demokrazia eta Balio Europarren Unitatean

Anne Pépin Europako Batzordearen Ikerketa eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiaren (DG RTD) Genero Sektorean sartu zen 2017an, politiken arduradun gisa, eta haren eginkizuna Europako Ikerketa Esparruaren eremuan genero-berdintasunerako politikak egitea eta EBko Ikerketako eta Berrikuntzako Esparru Programan (Horizonte Europa) xedapenak eta programazio estrategiko bat gauzatzea da. 2023tik Genero Sektorea zuzentzen du.
Eszedentzian dago Frantziako Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionaleko (CNRS) ikerketa-zuzendari gisa duen lanpostu iraunkorrean. Horretan, 2012tik 2017ra, zentroan genero-berdintasunaren politikaz arduratzen den Mission pour la place des femmes au CNRS unitate estrategikoa zuzendu zuen. Askotariko erantzukizunak ditu erakundeetan, Estatuan eta Europan; besteak beste, EBk finantzatutako zenbait proiektu koordinatu ditu, goi-mailako hezkuntzako eta ikerketako erakundeetan genero-berdintasuna sustatzeko, hala nola, GENDER-NET ERA-NET.
Anne Pépinek Elektronikako doktoretza lortu zuen Pierre-et-Marie-Curie Unibertsitatean (Paris, Frantzia), eta 2003an ikertzaile gazteentzako CNRSren Brontzezko Domina jaso zuen, nanoteknologiari egindako ekarpenagatik.

Emakumeen eta Zientziaren Unitateko zuzendaria Zientzia eta Berrikuntzaren Ministerioan

Silvia Rueda

Emakumeen eta Zientziaren Unitateko zuzendaria Zientzia eta Berrikuntzaren Ministerioan.

Silvia Rueda Pascual informatika-ingeniaria da eta Informatika Ingeniaritzan doktorea Valentziako Unibertsitatean. Gaur egun, Zientzia eta Berrikuntzako ministroaren Kabineteko kide aholkularia da, eta Emakumeen eta Zientziaren Unitateko zuzendaria. 2022tik 2023ra Valentziako Berrikuntza, Unibertsitate, Zientzia eta Gizarte Digitaleko Kontseilaritzako lurralde-zuzendaria izan zen.
Irakasle titularra izan zen Valentziako Unibertsitateko Informatika Sailean, eta saileko zuzendari 2015 eta 2021 artean. Hiru ildo nagusiren inguruan garatu du bere ikerketa: errealitate birtuala eta informatika grafikoa, softwarearen ingeniaritza eta genero arrakala digitala. Ikerketa-, transferentzia- eta dibulgazio-proiektu eta -kontratu askotan hartu du parte. Egun, TADeSP (www.uv.es/tadesp) ikerketa-taldea zuzentzen du; pertsonengan oinarritutako softwarearen garapenean aurrerapausoak emateko dihardu lanean talde horrek.
Valentziako Unibertsitateko Berdintasun, Aniztasun eta Jasangarritasun Errektoreordetzaren barruan STEM-UV arduraduna izan da, UV-GVA Genero Arrakala Digitalaren Katedraren zuzendaria (www.uv.es/gencatic) eta STEM bokazioak bereziki nesken artean sustatzera bideratutako Girls4STEM proiektuaren koordinatzailea (www.girls4stem.es). 2022an Valentziako Erkidegoko Informatika Ingeniaritzako Elkargo Ofizialaren Sapiens Sari Akademikoa jaso zuen, STEM-TIC sektorean genero-berdintasunaren alde egindako lanagatik.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatua

Cristina Uriarte

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatua.

Kimika Zientzietan doktorea (1988), Unibertsitateko irakasle titularra (1997) eta ANECAk unibertsitateko katedradun egiaztatua (2010), 2020ko irailetik Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Komisionatua da.
Lehenago, UPV/EHUko Gipuzkoako campuseko Kanpo Harremanetarako zuzendaria izan da (2001-2004), eta, besteak beste, UPV/EHUn enpresa berritzaileak eta oinarri teknologikokoak sortzea sustatzeko, aholkatzeko eta laguntzeko programa bat kudeatu eta garatu du haren karguan, eta I+G+b-ko guneen kudeaketa- eta funtzionamendu-ereduaren hainbat proposamen egin ditu. Ondoren, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea izan da (2004-2012), eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluko kide izan da. Aldi berean, Innobasqueko Ekintzailetza Aurreratuko eta Gipuzkoa Berritzen Kontseilu Exekutiboetako kide, Gipuzkoa Berritzen Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide, Donostiako Plan Estrategikoaren Batzorde Exekutiboko kide eta Plan horren Batzorde Delegatuko (2008-2012) presidentea izan da, besteak beste.

Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu (2012-2016) eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburu (2016-2020) izendatu zuten.

John L. Hinds Zientziaren Historiako katedraduna da Stanfordeko Unibertsitatean

Londa Schiebinger

John L. Hinds Zientziaren Historiako katedraduna da Stanfordeko Unibertsitatean.

Genero Berrikuntzak Zientzian, Osasunean eta Medikuntzan, Ingeniaritzan eta Ingurumenean programaren zuzendari sortzailea.
Schiebinger nazioarteko aditua da, zientzia eta teknologiako genero gaietan liderra, eta Nazio Batuetan, Europako Parlamentuan, Koreako Asanblea Nazionalean eta gai horri buruzko finantzaketa-erakunde askotan mintzatu da. Schiebingerrek doktoretza Harvardeko Unibertsitatean jaso zuen, eta Arte eta Zientzien Akademia Amerikarreko kide hautatua da.
Sari ugari lortu ditu, besteak beste, Alexander von Humboldt Ikerketa Sari ospetsua eta Guggenheim beka. Gainera, honoris causa doktorea da: Valentziako Unibertsitatean (Espainia), 2018an; Lundeko Unibertsitatean (Suedia), 2017an, eta Bruselako Vrije Unibertsitatean (Belgika), 2013an.

Genero-berdintasunerako lankidetza digitalari buruzko aholkulari nagusia eta Berrikuntza eta Teknologiari buruzko Ekintza Koalizioaren gaiaren arduraduna NBE Emakumeak erakundean.

Hélène Molinier

Genero-berdintasunerako lankidetza digitalari buruzko aholkulari nagusia eta Berrikuntza eta Teknologiari buruzko Ekintza Koalizioaren gaiaren arduraduna NBE Emakumeak erakundean.

2020tik Ekintza Koalizioaren arduradun nagusia da, eta Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordearen (CSW67) 67. bilkura-aldia antolatzeaz arduratu zen. NBEko idazkari nagusiaren CSW67 batzorderako «Berrikuntza eta aldaketa teknologikoa, eta aro digitaleko hezkuntza, genero-berdintasuna eta emakume eta neska guztien ahalduntzea lortzeko» txostena eta NBEko Emakumeak erakundearen «Finantza digitalak genero-berdintasunerako eta emakumeen ahalduntzerako aprobetxatzea» dokumentu politikoa idatzi ditu.
Hélènek 2018an egin zuen bat NBE Emakumeak erakundearekin, eta 20 urtetik gorako eskarmentua du hainbat erakundetan, hauetan, esaterako: Nazio Batuen Garapen Programa, OME, UNICEF, Mundu Funtsa, IDLO eta Frantziako Kanpo Arazoetako Ministerioan. Azken horretan, programazio-ekimen berritzaileak garatu eta ezarri zituen arrakastaz, barne hartuta gazteak ahalduntzeko tresna digitalak, biodibertsitatea kontserbatzeko finantzaketa-mekanismo berritzaileak, lege-prestakuntzako esparru berritzaileak, gaitasunak garatzeko metodologia interaktiboak eta emakume zaurgarrien legezko ahalduntzerako eta justiziarako sarbiderako dirulaguntza berritzaileak. Haren esperientzia gida gisa erabiltzen da politikaren eta arauen arloko erreformetan, herrialdeetako bulegoen programazio estrategikoan, alderdi interesdun askoko elkarte handien diseinuaren eta ezarpenaren zuzendaritzan, genero-tresna digital inklusibo eta eraldatzaileen garapenean, puntako teknologian eta gizarte-berrikuntzan. Marokon, Hegoafrikan, Beninen, Kongoko Errepublikan, Suitzan, Sri Lankan eta Herbehereetan bizi eta lan egin du.
Frantziako nazionalitatea izanik, Nazioarteko Zuzenbideko master bat eta Diplomaziako eta Nazioarteko Harremanetako beste bat egin ditu Paris XI Unibertsitatean.

Matematika Zientzietan lizentziatua eta doktorea UPV/EHUn, eta Bioestatistikan Osasun Zientzietako masterra egindakoa Johns HopkinsUniversityn.

Inmaculada Arostegui

Matematika Zientzietan lizentziatua eta doktorea UPV/EHUn, eta Bioestatistikan Osasun Zientzietako masterra egindakoa Johns HopkinsUniversityn.

Bioestatistikan ikertzen du, eta bereziki osasun zerbitzuetako ikerkuntzan du interesa. Ikerkuntzako hiru seiurteko eta transferentziako bat dauzka, argitalpen zientifikoak 75 baino gehiago eta 2000 aipamenetik gora. Hainbat ikerketa proiektu, sare, talde eta enpresekin kontratutan parte hartu du, horietako askotan ikertzaile nagusia izanik; baita ere kongresuetan eta nazioarteko jardueren antolakuntzan eskarmentua du. Bere irakaskuntza Estatistika eta Osasun Publikoa arloetan zentratzen da, Docentiaz programan bi ebaluazio positibo izan ditu, azkenekoa bikaina eta bost doktoretza tesi zuzendu ditu.
UPV/EHUko Gizakiekin lotutako Ikerketetarako Etika Batzordeko kidea izan da (2019-2020). Sociedad Española de Bioestadística (Spanish Regionof the International Biometric Society) elkarteko kidea da, presidentea izan delarik (2016-2017), eta Sociedad de Estadística e Investigación Operativa elkartearen Kontseilu Betearazlekoan parte hartzen du (2019-). Zientziaren dibulgazioarekin lotutako jardueretan modu aktiboan parte hartzen du, batez ere, Estatistika eta haren aplikazioak gizartera hurbiltzeko egiten diren horietan.

Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa

Fernando Cossío

Kimika Zientzietan lizentziaduna da Zaragozako Unibertsitatean (1982) eta Kimika Zientzietan doktorea UPV/EHUn (1986).
Talenceko CNRSn (FrantZia) eta UCLAn (Estatu Batuak) ikerketa-egonaldiak egin ondoren, 1988an UPV/EHUko Kimika Fakultatean sartu zen, eta bertako katedraduna da 2002tik. Cossío irakaslea oso inplikatuta egon da EAEn zientziaren aurrerabidean eta kudeaketan, eta hainbat kargu bete ditu, Kimika Zientzien Fakultateko dekano gisa (1999-2001) eta UPV/EHUko Ikerketa eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreorde gisa (2001-2003). Gaur egun, 2009tik aurrera, Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioko zuzendari zientifikoa da.
Kimika bioorganikoari eta modelizazio molekularrari egindako ekarpen zientifiko nabarmenari esker, besteak beste, 2020ko Euskadi Ikerkuntza Saria eta Espainiako Kimikako Errege Elkartearen urrezko domina lortu ditu 2021ean.

Euskal Partzuergo Zientifiko-Teknologikoko (BRTA) zuzendari nagusia

Rikardo Bueno

Euskal Partzuergo Zientifiko-Teknologikoko (BRTA) zuzendari nagusia.

Rikardo Buenok Industria Ingeniaritzako doktoretza du eta BRTAko zuzendari nagusia da.
BRTA zuzendu aurretik, Bueno doktoreak Tecnalian (BRTAko kide den zentro teknologikoa) egin zuen lan; hainbat funtzio garatu eta koordinatu zituen bertan: Nazioarteko Negozioaren Garapeneko zuzendaria, Fabrikazio Aurreratuko zuzendaria, ikerketa-programen kudeaketa… Horrez gain, fabrikazioko berrikuntzako ekimen europarrak sortzen eta sustatzen lagundu du, hala nola Manufuture, Factory of the Future edo EIT Manufacturing.

I+G+b arloaren Kudeaketako zuzendaria BIOEF Fundazioan

Susana Belaustegi

I+G+b arloaren Kudeaketako zuzendaria BIOEF Fundazioan.

Abokatu ekonomialari izateko ikasketak egin zituen. Zuzenbidean lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean (Bilbo) 1993an, eta Espezialitate Juridiko eta Ekonomikoko diploma lortu zuen unibertsitate berean 1994an. Urte batzuk geroago, bere unibertsitate-prestakuntza osatu zuen, osasun-arloko ikerketaren zuzendaritzan eta kudeaketan espezializatuta, Alcalá Henares Unibertsitatea – UNED – Carlos III.a Osasun Institutua (Osasun Eskola Nazionala) unibertsitateen arteko «Osasun-zientzietako I+G+b arloko Zuzendaritza eta Kudeaketa» masterra egin baitzuen, haren 1. edizioan (2010-2011).
Haren ibilbide profesionalari dagokionez, 30 urteko esperientzia metatua du zenbait erakundetako kudeaketa ekonomiko-administratiboko sailetan eta, 2003tik gaur arte, osasun publikoko I+G+b arloaren kudeaketan espezializatu da, Eusko Jaurlaritzaren mendeko sektore publikoko fundazio batean hasi baitzen urte horretan, BIOEF Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioan, hain zuzen. Horretan, zenbait lanpostutan aritu da.
2014an, fundazioaren I+G+b arloaren kudeaketako zuzendaritza hartu zuen bere gain; gaur egun, oso lotuta dago osasun-ikerketako institutuetako kudeaketaren koordinazioarekin.

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Historiaurreko irakaslea eta unibertsitate horretako Historiaurreko Saileko zuzendaria.

Paloma González

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Historiaurreko irakaslea eta unibertsitate horretako Historiaurreko Saileko zuzendaria.

Doktoratu aurreko garaitik, batez ere, Mediterraneoko historiaurre hurbila ikertzen aritu naiz (Neolitotik Burdin Aroraino).

Aldi berean, nire jardueraren zati handi bat arkeologian ikuspegi feministak sartzera bideratu dut, historiaurrean etxeko espazioen eta teknologien kontzeptualizazioa eta ikerketa-metodologiak garatuz eta arkeologia publikoko eta ondarea aktibatzeko proiektuak garatuz genero-ikuspegitik (hezkuntza- eta landa-garapeneko programak eta kultura-turismo jasangarrira bideratutako ekimenak). Eremu horretan, Europa mailako hainbat proiektu koordinatu ditut.

2007an, Pastwomen taldearen ibilbideari ekin genion Los trabajos de las mujeres y el lenguaje de los objetos (2007-2010) proiektuarekin —Emakumearen Institutuak (orduko Gizarte Gaietarako Ministeriokoa) finantzatua—, eta La historia material de les dones: Recursos per a la recerca i la divulgació (2010-2011) proiektuarekin —Català de les Dones institutuak finantzatua—. Proiektu horien ikertzaile nagusia izan nintzen. Gaur egun, Pastwomen taldea koordinatzen dut, zeina hainbat arlotako

Ikerketan Generoen Orekarako eta Aniztasunerako Norvegiako Batzordearen zuzendaria

Curt Rice

Ikerketan Generoen Orekarako eta Aniztasunerako Norvegiako Batzordearen zuzendaria.

Osloko eta Akershuseko Unibertsitateko Zientzia Aplikatuen Fakultateko errektore ohia da. Ikerketan Generoen Orekarako eta Aniztasunerako Norvegiako Batzordea zuzentzen du eta Norvegiako Egungo Ikerketari buruzko Informazio Sistemaren Kontseiluko (CRIStin) presidentea izan zen 2016ra arte.
Curt Ricek genero-berdintasunari buruzko Europako hainbat proiektutan parte hartu du, besteak beste, Generoaren Goi-bilerako hitzaldiak abiarazi zituen GenSet proiektuan.
Ricek hainbat zuzendaritza-kargu bete ditu Norvegiako unibertsitateetan; esaterako, Tromsøko Unibertsitateko ikerketa-errektoreordea izan da, Osloko Unibertsitate Metropolitarreko errektore nagusia, eta, ondoren, Norvegiako Biziaren Zientzietako Unibertsitatekoa (NMBU). Genero berdintasunari buruzko hizlari aditua da, eta oso pozik dago Berdintasuna Sortzeko Foroan parte hartzeaz.

Medikuntza Prebentiboan eta Osasun Publikoan espezialista eta Ikerketa Klinikoan eta Epidemiologian masterra

Elena Aldasoro

Medikuntza Prebentiboan eta Osasun Publikoan espezialista eta Ikerketa Klinikoan eta Epidemiologian masterra.

Medikuntzan doktorea, Medikuntza Prebentiboan eta Osasun Publikoan espezialista eta Ikerketa Klinikoan eta Epidemiologian masterra.
Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzan egiten dut lan. Eusko Jaurlaritzaren ondoz ondoko osasun-planetan eta adikzio-plan berrienetan parte hartu dut, eta, horietan, genero-ikuspegidun plangintza-prozesua gauzatu dut.
Ikerketaren arloan, osasun-arloko gizarte-desberdinkeriak aztertzen lagundu dut —bereziki, genero-desberdinkeriak —, baita eremu txikiak aztertzen eta bizitzaren amaierako arreta-premiei buruzko ezagutza hobetzen ere. Generoari dagokionez, miokardio-infartu akutuaren osasun-arretan genero-desberdinkeriak zehazten dituzten elementuei buruz ikertu dut, baita kolon eta ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarreko programan eta tabakoaren kontsumoan dauden genero-desberdinkeriei buruz ere. Gainera, sexu-genero analisiaren garapena bultzatu dut ikerketan eta generoaren eta osasunaren ikuspegiari buruzko ezagutza zabaltzen lagundu dut.

Psikologoa da Londresko Unibertsitate Metropolitarrean

Emma Short

Psikologoa da Londresko Unibertsitate Metropolitarrean.

Montforteko Unibertsitatean eta Bedfordshireko Unibertsitatean lan egin izan ditu, eta han Ziberjazarpenari buruzko Ikerketa Zentro Nazionala sortu zuen.
Osasun-arloko psikologo kolegiatua da, ziberpsikologian espezializatua. 2005etik, Emmak hainbat ikerketa egin ditu ziberjazarpenaren, irudietan oinarritutako sexu-abusuaren eta teknologiak erraztutako abusuaren arloetan, hirugarren sektorearekin, goi-mailako hezkuntzarekin, poliziarekin eta gobernu-erakundeekin lankidetzan.

Arlo Digitalean eta Manosferan aditua

Alan Greig

Arlo Digitalean eta Manosferan aditua.

Alan Greig doktorea espezialista da genero-arloan, eta 20 urtetik gorako lan-eskarmentua du maskulinitatarekin, indarkeriarekin eta Hegoalde eta Iparralde globaleko herrialdeetako errepresioarekin lotutako gaietan.
Ikerketaren bidez eta programen diseinua, egikaritzea eta ebaluazioa sustatuz, haren lanak genero-bidegabekeriaren eta beste zapalkuntza mota batzuen arteko loturak, pertsonarteko eta erakundeen aldetiko indarkeria eta aldaketa pertsonala eta soziala jorratzen ditu. Greig doktoreak hainbat lan argitaratu ditu gai horiei buruz, eta garapen profesionalerako zenbait ikasketa-plan eta tresna sortu ditu. Esperientzia du genero-arloko hezitzaile gisa, eta bideratzaile lanetan aritu da plangintza estrategikoko eta proiektuak diseinatzeko zenbait prozesutan, Estatuko eta nazioarteko askotariko erakundeentzat.
New Yorkeko Challenging Male Supremacy proiektuaren sortzaileetako bat izanik, justizia sozialari buruz duen ikuspegiak genero-berdintasuna du ardatz.

Teknologiaren eragin sozialean espezializatutako kazetaria, AlgorithmWatch erakundean.

Naiara Bellio

Teknologiaren eragin sozialean espezializatutako kazetaria, AlgorithmWatch erakundean.

Naiara Bellio kazetaria da eta pribatutasunean, erabaki automatizatuak hartzeko sistemetan eta eskubide digitaletan espezializatu zen Alemaniako AlgorithmWatch erakundean. Matilda Fundazioko Teknologia Atala koordinatu du. Han aritu da, hiru urtez, pertsonen bizitza digitalarekin lotutako desinformazio-fenomenoak jorratzen eta datuen zaintzari eta babesari buruzko nazioarteko zenbait ikerketa gidatzen.
Era berean, EFE Agentziarentzat lanean aritu da Madrilen eta Argentinan, baita elDiario.es hedabiderako ere. Gaur egun, Fair Trials eta AlgoRace erakundeekin lankidetzan aritzen da, administrazioek algoritmoak eta programa automatizatuak nola erabiltzen dituzten ikertzeko.

Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua.

Nerea Melgosa

Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua.

Soziologian eta Zientzia Politikoetan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean eta, ondoren, Giza Baliabideen inguruko masterra egin zuen Bartzelonako EADA Negozio Eskolan; halaber, Merkatu Azterlanei buruz espezializatu zen UNEDen, eta kooperatibismoan Deustuko Unibertsitatean.
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren aholkularia. Berdintasunaren eta Giza Eskubideen zuzendaria Arabako Foru Aldundian 2019 eta 2020 artean. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzi ordezkaria Gasteizko Udalean 2015 eta 2019 artean. Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuko zinegotzi ordezkaria Gasteizko Udalean 2015 eta 2019 artean.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria

Miren Elgarresta

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria.

Albaitaritzan lizentziaduna eta Euskal Ikasketetan diplomaduna. Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren zuzendaria 2015 eta 2022 artean. Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko Arantzazu Parketxeko koordinatzaile teknikoa Naturgintza Fundazioan 2009 eta 2015 artean. Teknikaria Abelur kooperatiban 2004 eta 2009 artean.

Berdintasunerako Emakunde Sariaren epaimahaiko kidea. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaritza Kontseiluko ordezkaria. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakundearteko Batzordeko ordezkaria. Kirolgi Fundazioaren patronatuko kidea. Antzuolako Udaleko zinegotzia 2019tik.

Tailerrak

Generoan eta berdintasunean aditua den idazlea eta dibulgatzailea

María Martín

Generoan eta berdintasunean aditua den idazlea eta dibulgatzailea.

Zuzenbidean lizentziatua Granadako Unibertsitatean. Genero-ikuspegidun esku-hartze sozialeko espezialitateko graduondokoa. Komunikabideetan, gatazketan eta giza eskubideetan aditua; biak Gaztela-Mantxako Unibertsitatean. Generoan eta berdintasunean aditua den idazlea eta dibulgatzailea.
Nire espezialitate profesionalak honako hauek dira: genero-inpaktua ebaluatzea; hizkera inklusiboa duten testuak berrikustea eta idaztea; berdintasunaren arloko premiak aztertzea eta hautematea, eta erakunde publiko eta pribatuetan genero-berdintasunerako neurriak garatzea eta praktikan jartzea modu pertsonalizatuan.
Nire unibertsitate-espezialitateari dagokionez (hau da, genero-ikuspegidun esku-hartze soziala), komunikabideetan genero-inpaktua ezartzeak eta sare sozialak berdintasunaren pedagogia-tresna gisa erabiltzeak duen garrantzia eta eragina ikertu nituen. 15 urteko esperientzia dut genero-ikasketen hainbat arlotan trebatzaile gisa, erakunde publiko, federazio eta sindikatu-elkarte (CCOO; UGT) eta enpresa-elkarteentzat (FECMES, FEDETO), eta Espainiako eta Latinoamerikako talde politiko, judizial eta gizarte zibilekoentzat.

Serra Hunter irakasle agregatua Rovira i Virgili Unibertsitateko Pedagogia Sailean.

Barbara Biglia

Serra Hunter irakasle agregatua Rovira i Virgili Unibertsitateko Pedagogia Sailean.

Gaur egun Open University-ko (UK) irakasle bisitaria ere bada. Ikerketa Feministen Metodologiari buruzko Diziplinarteko Mintegiaren (SIMReF) sortzailea da; Rovira i Virgili Unibertsitatean GREDI ikerketa-talde finkatuaren buru da —kulturarteko hezkuntzaren eta generoaren diziplinarteko ikerketa-taldea—, eta, horrez gain, Institut Interdisciplinari d’Estudi de Gènere institutuko kudeaketa-batzordeko kidea da.
Europako USVReact – Universities Supporting Victims of Sexual Violence: Training for Sustainable Services proiektuko ikertzaile nagusia izan da, bai eta SeGReVUni – Unibertsitateetan Sexu eta Genero Indarkeriak Ikusaraztea eta Dimentsionatzea proiektuko i+g+b-koa ere. 2022an Encarna Sanahuja saria eman diote, unibertsitate-irakaskuntzan genero-ikuspegia txertatzeagatik.

Gizarte-psikologian doktorea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan.

Alejandra Araiza

Gizarte-psikologian doktorea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan..

“María Zambrano” laguntza-programaren ikertzailea Rovira i Virgili Unibertsitateko Pedagogia Sailean. Hainbat argitalpen ditu arlo hauetan: epistemologia eta ikerketa feministaren metodologia; genero-indarkeriak eta indarkeria feminizida; komunikazioa eta generoa; emakumeen parte-hartze politikoa, besteak beste.
Genero indarkeriari buruzko hainbat tesi zuzendu ditu. Hidalgo Estatuko Unibertsitate Autonomoko (Mexiko) sexu- eta genero-indarkerien kasuetarako protokoloa diseinatzen lagundu du.
Ikerketa Feministen Metodologiari buruzko Diziplinarteko Mintegiko (SIMReF) kidea da, eta GREDI ikerketa-talde finkatukoa; azken hori kulturarteko hezkuntzaren eta generoaren diziplinarteko ikerketa-talde bat da.

Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea eta Deustuko Unibertsitateko Soziologiako katedraduna

María Silvestre

Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea eta Deustuko Unibertsitateko Soziologiako katedraduna

Eusko Jaurlaritzak bikaintasun-talde gisa aintzatetsita duen eta Balioen Europako Inkestan Espainia ordezkatzen duen “Deusto Valores Sociales” taldeko ikertzaile nagusia.

Deustuko Unibertsitateko Zientzia Politiko eta Soziologia Fakultateko dekanoa izan da (2004-2009), eta Emakumeen Aurkako Indarkerian Esku Hartzeko Masterraren sortzaile eta zuzendaria (2003-2009). Eusko Jaurlaritzako Emakunde – Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria izan da (2009-2012).

Nazioarteko eta nazio mailako hainbat ikerketa-proiekturen buru izan da deialdi lehiakor eta itunduetan, adibidez, GEARING-Roles proiektuarena, eta hainbat kudeaketa-kargu izan ditu, hala nola Soziologiako Euskal Elkartearen Lehendakaritza eta Espainiako Soziologia Federazioaren Lehendakariordetza. Gaur egun Deustuko Unibertsitateko Berdintasunerako zuzendaria da.

Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko irakaslea eta ikertzailea.

María López

Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko irakaslea eta ikertzailea.

Zuzenbidean lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, Ekintza Humanitarioko masterra (NOHA) eta Giza Eskubideetan doktorea unibertsitate berean. Mendebaldeko Saharako bortxazko desagertzearen biktimen egiaren, justiziaren eta erreparazioaren prozesuei buruzko bere tesiak Brunet saria jaso zuen 2017an.
Bere ibilbide profesionala irakaskuntzari eta ikerkuntzari lotuta egon da. Giza eskubideen urraketen eta genero-berdintasunaren diziplina arteko ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala aztertzen ditu bereziki. Nazioarteko ikerketa-proiektu askotan parte hartu du, hala nola H2020 Gearing Roles, RESISTIRE edo Socio Bee.
COVID-19aren pandemiak EBko I+Gko genero-berdintasunean duen inpaktuari buruzko EBko Aditu Taldeko kide da, eta enpleguari, karreraren garapenari eta mugikortasunei buruzko lantaldearen buruetako bat ere bada Cost erakundearen “CA20137 – Making Young Researchers’ Voices Heard for Gender Equality” ekintzan.

Biologian doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.

Eva Cuesta

Biologian doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.

Zientziaren munduan, kakalardo pilotagileak eta klima-aldaketa ikertzen ditu. Eta, dibulgazioaren munduan, Big Van Ciencia taldearekin aritzen da elkarlanean, eta Biotura divulga Ciencia elkartearen sortzailea da. Zientzia hamaika txokotara eramaten du, hainbat agertokitatik zehar eta hainbat formatutan.

Moderatzaileak

Kazetaria eta aholkularia, Linking Ideas agentziaren bazkide sortzailea

Pilar Kaltzada

Kazetaria eta aholkularia, Linking Ideas agentziaren bazkide sortzailea.

Kaltzadak 25 urtetik gorako eskarmentua du aholkularitzaren sektorean, Estrategiaren eta Komunikazioaren eremuetan.
Askotariko espezializazio-eremuetan aritu da: Komunikazioa eta Marketina, Aldaketaren Kudeaketa eta Genero Berdintasuna, besteak beste. Zientziaren dibulgazioaren eta komunikazio korporatiboaren eremuetan aritu da lanean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko zenbait ikerketa- eta berrikuntza-zentrorekin.
Askotariko Think Tank, enpresa eta erakunderekin lankidetzan aritzen da gizarte- eta ekonomia-garapeneko aukerak aztertu, alderatu eta zabaltzen, eta erregulartasunez kolaboratzen du Euskadiko hedabide nagusietan.
2023tik, Espainiako Save the Children erakundeko presidentea da. 

Eusko Jaurlaritzaren Eraldaketa Digital eta Ekintzailetzako zuzendaria

Leyre Madariaga

Eusko Jaurlaritzaren Eraldaketa Digital eta Ekintzailetzako zuzendaria.

Aurretiaz, Kanpo Harremanetarako zuzendaria izan zen Lehendakaritzan, 2013ko urritik.
Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean eta Ikasketa Europarren graduondoko titulua lortu zuen Lovainako Unibertsitate Katolikoan (Belgika). Haren esperientzia profesionala, nagusiki, nazioarteko harremanetara bideratu da eta, bereziki, zerbitzuak merkaturatzera, batik bat osagai teknologiko altukoak. Gainera, sakon ezagutzen ditu politika komertzialeko eta nazioarteko erakundeekiko harremanetarako tresnak. Era berean, maiz hartu du parte 2030 Agenda eta GJHak xede dituzten mintegi eta jardunaldietan.
Haren lanbide-ibilbideak esperientzia pribatua eta publikoa uztartzen ditu. Ingeniaritzako eta aholkularitzako IDOM enpresan ekin zion bere ibilbideari, eta Proiektu Multilateraletako arduraduna eta enpresak Errumanian duen bulegoko zuzendaria izatera iritsi zen. 2005 eta 2009 artean, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendariorde nagusia izan zen. 2010ean, TECNALIA enpresako Nazioartean Hedatzeko zuzendari gisa hasi zen lanean. TECNALIA lehen zentro teknologiko pribatua da Espainian, eta bosgarrena Europan.

Nafarroako Berrikuntzaren Behatokiaren arduraduna

Cristina García

Nafarroako Berrikuntzaren Behatokiaren arduraduna.

Soziologian lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta politika publikoen jarraipena monitorizatzen eta administrazioetan genero-zeharkakotasuna txertatzen espezializatuta dago. Data Governance eta Data Science arloetako prestakuntza ere badu.

Gaur egun, Nafarroako Berrikuntzaren Behatokiaren arduraduna da. Behatoki hori Nafarroako Zientziaren eta Teknologiaren Legeak sortutako organo teknikoa da eta, haren eginkizuna, besteak beste, Nafarroan garatutako I+G+b jarduerak ebaluatu eta aztertzea da, beste lurralde batzuekin alderatu daitezkeen adierazle automatizatuetan oinarrituta.

Halaber, ibilbide luzea egin du askotariko politika publikoen jarraipena egiteko zenbait behatoki sortzen. Zortzi urtez genero-zeharkakotasuneko burua izan zen Nafarroako Berdintasunerako Institutuan, eta espezializazio-maila handia lortu zuen genero-ikuspegia erkidegoko eta tokiko administrazioetan txertatzen.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Ikerketako zuzendaria.Konfirmatzeke

Amaia Esquisabel

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Ikerketako zuzendaria.Konfirmatzeke.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzan, ikerketa teorikoa zein aplikatua sustatzea eta koordinatzea dagokigu, horretarako ikerketa-planak modu egokian gauzatu daitezen beharrezkoak diren baliabideez arduratu behar dugu, giza-baliabideen heziketa eta aukeraketa programak bultzatu eta beharrezkoak diren azpiegituren sorrera sustatu. Guzti horrekin, gure herriko zientzia-komunitatearen bikaintasun-mailak gorago jo dezan eragin nahi dugu, Europako ikerketa-sisteman modu egokian kokatzeko aukera izan dezan, eta horrela herri mailan zein nazioarteko mailan agertuko zaizkigun erronkei aurre egiteko gaitasuna bermatu.

Aurkezlea

Giza eskubideetan espezializatutako kazetaria

Maitena Salinas

Giza eskubideetan espezializatutako kazetaria.

Komunikazio Zientzietan lizentziaduna da eta Giza Eskubideen inguruko graduondoko ikasketak egin zituen EHUn. Aditua da coaching eta mentoring tekniketan UNIRen egindako ikasketei esker, Mentore-Coach ziurtatua European Mentoring and Coaching Council erakundearen eskutik, Osasunaren Kulturan ikasia Harvard Unibertsitatean, bai eta Lidergo Inklusiboan trebatua ere, Carlos III.a Unibertsitatean.

Bi hamarkadatik gorako ibilbidea egin du giza eskubideetan espezializatutako kazetari gisa irratian, telebistan eta prentsan, gizartea genero-ikuspegiaz aztertuz eta giza eskubideetan oinarritutako pedagogia bat sustatuz. Prestakuntza ematen du, mentore gisa, komunikazioaren eta lidergo inklusiboaren arloetan, hala oinarri teknologikoko enpresetan nola industria sortzaile eta kulturaletan, bai eta unibertsitateko arlo zientifiko-teknologikoetan, sturtup-azeleratzaileetan, berrikuntza-zentroetan, ospitaleetan eta erakunde publikoetan ere.
Argituz erakundearen eta Memoria partekatu baterantz txostenetan indarkeria politikoa ikertzen duen taldearen parte da. Gea dokumentala zuzendu du Emakunderekin lankidetzan; horretan, feminismoa abiapuntu izanik, berdintasun-arloan zein paradigma ez diren aldatu eta zer aurrerakuntza egin diren aztertzen dute.